Zabalza kasua

1985eko azaroaren 26an Guardia Zibilak Mikel Zabalza eta haren lehengusu Manuel Bizkai atxilotu zituen Donostian, eta, haiekin batera, Idoia Aierbe (Mikel Zabalzaren neska-laguna) eta Ion Arretxe. Orbaizetan, Mikel Zabalzaren anaiak ere atxilotu zituzten, Patxi eta Aitor, baina 10 orduren buruan askatu zituzten. Guztiei Terrorismoaren aurkako Legea aplikatu zieten, eta inkomunikaturik gelditu ziren.

Biharamunean jakitera ematen da Mikel Zabalza desagertu dela. Bertsio ofizialak dio Bidasora bota duela bere burua eta ihes egin duela, guardia zibilei zulo baten kokapenaren berri ematera zihoazela.

Bilaketa lanak segituan hasten dira, baina, egunak aurrera, Mikel bizirik aurkitzeko itxaropena poliki-poliki itzaltzen da. Aldi berean, Zabalza Intxaurrondoko Guardia Zibilaren kuartelean jasandako torturen ondorioz hil delako zurrumurrua hedatzen da.

Eragile politiko eta sozialak egoera jendaurrean salatzen hasten dira, eta kalean ere hainbat mobilizazio gertatzen dira. Julen Elgorriaga Gipuzkoako gobernadore zibila bera Zabalzaren kasuaz kezkatuta dagoela esatera iristen da, eta poliziaren bertsioa sinestezina dela adierazten du.

Mikel Zabalzarekin batera atxilotutakoen lekukoek berresten dute boltsa edo bainuontzia aplikatuta hil delako bertsioa. Dena dela, erabat kontraesankorra izan arren, bertsio ofiziala ez da aldatzen, eta Barne ministro Jose Barrionuevok adierazten du Mikel Zabalza agertuko dela, lehenago edo beranduago.

Hala, desagertu eta 20 egunera, abenduaren 15ean, Guardia Zibilaren patruila batek Mikel Zabalzaren gorpua aurkitzen du ur azalean flotatzen, egun batzuk lehenago Gurutze Gorriko urpekariek goitik behera miatutako toki batean.

Heriotzagatik hunkiturik, sekula ikusi gabeko mobilizazio soziala eta protesta ekintza bortitzak gertatzen dira Euskal Herrian Zabalzaren familiari babesa emateko eta Estatuko hilketatzat hartzen den desagerpena salatzeko.

Mikel Zabalzaren heriotzaren zergatiak eta inguruabarrak ezagutzeko zailtasunak direla kausa eta egiaren bila ari direnak Espainiako agintari eta epaileengandik jasaten ari diren utzikeria eta trabak direla-eta, gaur den egunean ez dago jakiterik zer gertatu zen zehatz-mehatz, eta, ia 35 urte igaro badira ere, oraindik ez da inor ere epaitu Orbaizetako bizilagun honen heriotzagatik.